Zein dokumentazio behar dut bidaiatu ahal izateko?

Bidaiko eguna iristeko irrikitan gaude! Baina ez dugu arazorik izan nahi...

KONTUZ!! Webgune honetan dauden gomendioak Espainian egoiliarak (residentes) diren pertsonentzat dira. Zure kasua hau ez bada, begiratu ezazu herrialde bakoitzera bidaiatzeko zein eskakizun dituzun.

PASAPORTEA: Derrigorrezkoa al da?

Espainiatik kanpora joan beharreko bidaietan, eramateko eskatzen dizuegu. Bidaia nahiz eta Europa mailan izan, eta NAN-a edo AIZ-rekin bakarrik bidaiatzea posible den, BI DOKUMENTUEKIN JOATEA OSO GARRANTZITSUA DA.

KONTUZ!! Londresera joanez gero, pasaportea DERRIGORREZKOA izango da, Europar Batasunetik kanpo baitago.

ZERGATIK?
Demagun dokumentu bakarrarekin bidaiatzen duzula, adibidez, NAN-a edo AIZ-a. Berlinen zaude, eta bidaiko azken eguneko goizean NAN-a edo AIZ-a galdu duzu. Ordubete barru abiatu behar zarete aireportura, itzulerako hegaldia hartzeko. Astia emango dizu, justu-justuan, polizia-komisariora joan eta bertan denuntzia jartzeko. Bertan agiri bat emango dizute, baina hori ez da nahikoa bidaiatzeko eta NAN-a edo AIZ-ren ordezko bezala erabiltzeko. Hori lortzeko, kontsulatura joan beharko zinateke. Eta ez dizu astirik ematen jada, ordubete barru aireportura abiatu behar zarelako... Zer gertatu daiteke? Hegaldia hartzera zoazen unean, dokumentaziorik gabe egoteagatik pasatzen ez uztea...

Pasaportea eskuratzeko beharrezko dokumentuak

- Iraungitako/aurreko pasaportea.
- Iraungi gabeko NANa, izanez gero.
- Argazki bat (32 x 26 mm), duela gutxi ateratakoa, koloretan, fondo zuriarekin, aurrez ateratakoa, betaurreko ilunik edota pertsonaren identifikazioa galarazten duten arropa/apaingarririk gabe.
ADIN TXIKIKOEN KASUAN, AURREZ PASAPORTEA ATERATA IZANEZ GERO
- Gurasoen baimena izatea derrigorrezkoa da. Hortaz, gurasoetako bat ikaslearekin presentzialki joatea derrigorrezkoa da. Bi guraso/legezko tutore izanez gero BAKARRA joatearekin nahikoa da, kasu berezi edo salbuespenetan izan ezik (banaketa konfliktuak, desadostasunak, epaitegiak emandako neurri edo murrizketak, irteera debekuak, tutoretza bereziak...).
- Familia-liburua eramatea gomendatzen da.
ADIN TXIKIKOEN KASUAN, PASAPORTEA LEHENENGO ALDIZ ATERAZ GERO
Derrigorrezkoa izango da BI GURASO/LEGEZKO TUTOREAK presentzialki seme-alabarekin batera joatea (bi guraso/legezko tutore izanez gero). Guztiak bertaratzea ezinezkoa den kasuan, baimen sinatu formala (NANaren kopiarekin) eta notario aurrean egindako agiria (seguruagoa da) aurkeztu beharko da.

Ondorengo dokumentuak ere eraman beharko dira:
- Jaiotza Ziurtagiria originala. Erregistro Zibilean eskatu daiteke, 6 hilabete baino gutxiagoko antzinatasunarekin. Eskaera telematikoki ere egin daiteke Justizia Ministerioaren webgunean.
- Errolda Ziurtagiria: Herriko Udalean eskuratu daiteke. 3 hilabete baino gutxiagoko antzinatasunarekin.
- Familia Liburua: Ez da derrigorrezkoa baina eramatea gomendatzen da.

Hitzorduaren erreserba eta kostea

- Hitzorduaren erreserba egitea derrigorrezkoa da. Hemen klik eginez egin daiteke edota 060 zenbakira deituta.
- Pasaportea ateratzeko ordaindu beharreko tasa 30€koa da, eta hitzorduan bertan ordaintzen da bankuko txartelarekin, esku dirutan edota txeke batekin. Koste hau pasaportea lehenengo aldiz ateratzean edota berritzen den bakoitzean ordaindu behar da, kasu guztietan. Familia ugarien kasuan, txartel originala aurkeztuz gero, ez da kopuru hau ordaindu behar.

EUROPAR OSASUN TXARTELA: Nola eskuratu edo berritu?

Osasun txartela Europan zehar bidaiatzeko beharrezkoa izango duzu. Bidaiatu aurretik, txartela lortu beharko duzu. Dagoeneko txartela baldin baduzu, hau iraungita ez dagoela begiratu beharko duzu.
Txartela lortu edo berritzeko jarraitu ondorengo pausuak:

1. AUKERA: Interneten bitartez

Sartu ondorengo webgunean: Egin klik hemen.
1
Jeitsi orrialdean behera, "Eskakizuna eta Berritzea" atalera, eta eman "+" ikurrari.
2
Aukeratu "Europako Osasun Txartela ziurtagiri digitalik gabe".
3
Irekitako orrialdean jeitsi beheraka, eta aukeratu "Consultar" orrialdea euskaraz agertu bazaizu, eta "Solicitar" orrialdea gaztelaniaz agertu bazaizu.
4
Irekitako orrialdean aukeratu "Solicitar / Renovar Tarjeta Sanitaria".
5
Bete formularioko datu pertsonal guztiak eta eman "Aceptar" botoiari. Kontuan izan argazkian adierazita dagoen "Tipo de Solicitud" aukeratu beharko duzula.
6
5 egunetan txartel berria zure helbidera iritsiko zaizu.

2. AUKERA: Telefono bitartez

Aurrenengo aukerarekin txartela ezin baduzu lortu, telefono zenbaki hauetara deitu dezakezu: 901 10 65 70 / 915 41 25 30.

Erantzungailu automatikoak erantzungo dizu bertan. Zure NAN zenbakia, telefono zenbakia eta posta kodea zeintzuk diren galdetuko dizkizu, eta horrekin, Europar Osasun Txartela eskuratzeko zure bizilekutik gertuen dagoen bulegoan hitzordua emango dizu.

Txartela bidairako iristen ez bazait... Zer egin dezaket?

Europako Osasun Txartelaren Behin-behineko Ordezko Ziurtagiriaren eskaera egin behar duzu.
Sartu ondorengo webgunean eta jarraitu bertan adierazitako pausuak: Egin klik hemen.

ADINGABEAK ATZERRIRA IRTETEKO BAIMENA: Nola eskuratu?

-Izapide telematikoa bidaia hasi baino gehienez 90 egun lehenago eta gutxienez 6 egun lehenago egin daiteke.
-Presazko kasuak badira, adingabea irten arte 6 egun baino gutxiago baitaude, eskaera, nahitaez, aurrez aurre egin behar da, ertzain-etxe batean.
-Izapidetze telematikoa banaka egin behar du guraso-ahala duen pertsona bakoitzak (guraso bakarreko familien kasuan, bakarra).
-Izapidetze telematikoaren aukera hori adingabearen bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan dagoenean soilik erabili ahal izango da. Bestela, nahitaez, aurrez aurre egin behar da, ertzain-etxe batean.
-Identifikazio-bitarteko elektroniko bat eduki beharko da, kontuan hartuta guraso-ahala dutenetako batek sinadura elektronikorik ez badauka izapidea aurrez aurre egin beharko duela ertzain-etxe batean.
-Bi gurasoen artean zigor-arloko auziren bat edo kautelazko neurriren bat dagoen kasuetan, eta egingo den dokumentuan bien telefono-zenbakia eta/edo helbide elektronikoa jasoko direla kontuan hartuta, alderdietako batek beste alderdiak horiek ezagutzea nahi ez badu, interesdunak horretarako ematen duen beste telefono-zenbaki edo helbide elektroniko bat agertu ahal izango da. Interesdunak bat ere eman nahi ez badu, izapidea aurrez aurre egin beharko da, ertzain-etxe batean.

Horrela, nahi izanez gero, polizia-zentroaren telefonoa eta/edo helbide elektronikoa adierazi ahal izango da eskabidean.

ONLINE ESKAERA EGITEKO:

Eskaera online egin ahal izateko, web gune honen bitartez egin behar da. Dena dela, kontuan izan, BAkQ-a beharrezkoa dela hau burutzeko. Esteka.
BEHARREZKO DOKUMENTAZIOA ETA INFORMAZIOA:
-Adingabearen legezko ordezkari gisa jarduten duten pertsonen NAN/AIZ/pasaportea
-Atzerrira ateratzen den adingabearen NAN/pasaportea.
-Ondorengo dokumentazio bat:
1. Familia-liburua (eskatzailea eta adingabea agertzen diren orriak) edo erregistro zibilaren ziurtagiri baliokidea.
2. Adingabearen jaiotza-ziurtagiria.
-Adingabearen tutorearen izendapena.
-Adingabearekin bidaiatuko duen arduradunaren (irakasle edo begiralea) datuak: Izen-abizenak, telefono zenbakia, NAN edo AIZ zenbakia.

AURREZ AURREKO TRAMITAZIOA:

BAQ eduki ezean edo bidairako 6 egun falta badira, Ertzain etxean egin daiteke, ondorengo imprimakia beteta: inprimakia.
Jakinarazpena guraso-ahala duen pertsona bakoitzaren aurrean egin behar da, eta, horretarako, Ertzaintzaren ertzain-etxe batera joan beharko dute, aldez aurretik hitzordua eskatuta.
Izapidetzeko inprimakia bete behar duzu eta han jaso baimena ematen duzula. inprimaki hori honela lortu daiteke:
1. Digitalki bete ondoren inprimatu.
2. Hutsik inprimatu eta eskuz bete.
Formulario horrek ez du berez bidaia-dokumentu gisa baliorik izango, eta Ertzaintzak baimena ematen duzula egiaztatzeko baino ez du balio izango. Inprimakia bete, sinatu eta, eskatzen den dokumentazio guztiarekin batera, ertzain-etxe batean entregatu ondoren, ertzain-etxean datuak eta dokumentazioa egiaztatu eta informatizatuko dituzte eta adingabeak bidaia egiteko eraman beharko duen dokumentua emango zaizu.Dokumentu hori eman ahal dizute:
1. Eskuz.
2. Dokumentua zure karpeta elektronikora bidaliz.

NIE DUTEN IKASLEEN KASUAN:

Baimen hau enbaxadan edo notariotzan atera behar da. Kasu horretan, bidaia baino 4 hilabete lehenago atera daiteke gehienez. Hala ere, denborarekin eskatzea komeni da. Hitzordua hartzea beharrezkoa izango da, eta dokumentu hauek eskatuko dituzte:

-NIE (ikasle zein gurasoena).
-Jatorrizko herrialdeko Nortasun Agiria (ikasle zein gurasoena).
-Familia-liburua.
-Adingabearekin bidaiatuko duen arduradunaren (irakasle edo begiralea) NANaren kopia.
-Bidaiko ibilbidea: zeharkatuko diren herrialdeen izenak.

Oharra: kasu honetan ere posible da zerrenda honetako dokumentazioaz gain beste zerbait eskatzea; beraz, hitzordua zehaztean galdetzea gomendatzen dugu.

Bestetik, dokumentu honen tramitazioak kostu bat izango du; hala ere, zenbatekoa aldatu egingo da ateratzen den tokiaren arabera (enbaxada, notariotza, etab.).

GAZTE TXARTELA: Nola aktibatu edo berreskuratu?

Gazte Txartela ez da NAN-a edo Pasaportearen maila berean dagoen dokumentu bat, badakigu. Dena dela, abantaila asko ditu: deskontuak, bidaiko aseguru gehigarri bat... Eta horregatik, bidai guztietara eramateko eskatzen dugu. Inoiz ez baita jakiten noiz etorriko zaigun ondo!
Txartel hau Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden 14-30 bitarteko gazte guztiei bidaltzen diete etxera, doakoa da eta ez du iraungitze datarik. Hori bai, erabili ahal izateko aktibatu egin behar da!

Nola aktibatu dezaket?

Sartu ondorengo webgunean: Egin klik hemen. Bete bertan eskatzen zaizkizun datuak eta "Gazte Txartela aktibatu" botoi gorrian klik egin.

Txartela galdu badut edo ez bazait iritsi, zer egin dezaket?

Sartu ondorengo webgunean: Egin klik hemen. Bete bertan eskatzen zaizkizun datuak eta "Hasi" botoi gorrian klik egin.

Jarraian, aukeratu:
- "Duplikatua" zure txartela galduta baduzu, eta txartel berria eskuratu nahi baduzu.
- "Txartel berria" 14 urte bete badituzu eta txartelik iritsi ez bazaizu. Aukera hau hautatzen utzi ez badizu, eman "Duplikatua" aukerari.

Ziurtatu bertan agertzen diren zure datuak ondo daudela eta aurrera jarraitu. Horrela, txartela etxera iritsiko zaizu.

ETA (Electonic Travel Authorization): Nola eskuratu?

2025eko apirilaren 2tik aurrera Europar Batasuneko egoiliar (residente) guztiek derrigorrez ETA baimena lortu beharko dugu, Erresuma Batura bidaiatzeko.

Zein kasutarako behar da?

- 6 hilabete baino gutxiagoko bidaia edo egonaldientzat.
- Eskala izanez gero (mugetako kontrola igaro behar baduzu). Eskala egitean mugetako kontrola igaro behar EZ diren aireportu bakarrak Heathrow (T4) eta Manchester dira. Beste guztietako eskaletan beharrezkoa izango da.
- Behin aterata 2 urterako balio du edo zure pasaportea iraungitzen den datara arte. Izan ere, pasaporteari lotutako baimena da, ez zure bidaiako dateri. Hortaz, behin aterata epe horretan nahi beste bidaietan erabili ahal izango duzu.

Zenbat balio du?

- £16 izango dira.
- Behin eskaera eginda, nahiz eta ez onartu, ez dute dirua itzultzen.

Bidaiatu baino zenbat lehenago atera behar da?

- Ahal bezain laister ateratzea gomendatzen da.
- Beranduenez, bidaia baino 3 egun lehenago. Eskaera egiten duzunetik erantzuna jaso arte 3 lanegun arte iraun ditzake eta.
- Ez da ezer fisikoki eskuratzen. Hau da, ez da txartel/agiririk sortzen. Emailez iritsiko zaizu onarpenaren mezua eta zure pasaportera lotuko da zuzenean, beraz, bidaiatzean zuk pasaportea eramatearekin nahikoa izango da. Dena dela, badaezpadan iritsi zaizun onarpenaren emailaren kopia bat eramatea gomendatzen da.

Non egiten da eskaera?

- ‘UK ETA app’ Aplikazio ofizialean egitea gomendatzen da. Hau mugikorrean doainik deskargatu dezakezu, Google Play edo App Store bidez.
- Bestela gobernu britainarreko webgunean ere egin daiteke.
- Hori bai, behin prozesua hasita web orrialdetik edo aplikaziotik ateratzen bazara edo 20 minutuan ezer egin gabe egonez gero, ez zaizkizu datuak gordeko.

Zer behar da eskaera egiteko?

- Pasaportea fisikoan eta iraungi gabe.
- Zure argazki bat (unean bertan atera dezakezu, aplikaziotik eginda).
- Ez dituzu zure bidaiako datuak behar.

Arazoak izanez gero:

- Electronic Travel Authorisation (ETA) Webchat-aren bidez jar zaitezke asistentziarekin harremanetan.
- Bidaiarientzat doako deiak egiteko linea hau ere eskuragarri dago: 0800 876 6921. 24 orduz eskuragarri dute berehala bidaiatzen duten pertsonek. Beste alternatiba bat +44 (0)203 337 0927 telefono zenbakira deitzea da. Bigarren honetan deiak ordaindu egiten dira.

Zalantzak dituzu?

Jar zaitez harremanetan zure dinamizatzailearekin edo idatzi jarraian agertzen den emailera.